Bizigaia Kooperatiba
etorkizuna elikatzen
Goierri eskualdean elikadura burujabetzarantz pausoak emateko elkartzen ari gara, ekoizle berriak instalatzen laguntzeko eta daudenak indartzeko helburuarekin. Horretarako komunitate zabal bat josi nahi dugu. Eskari antolatu bat sortzen lagundu eta ekoizpena planifikatzeko aukerak emango dizkiguna.
Bizigaiak, atomizatuta dagoen sektore bat elkartzen lagundu nahi du. Kooperatiba berdinaren pean erabiltzaileak (kontsumitzaileak) eta ekoizleak harremanetan jarriz. Gainera, lurrarentzat eta lantzen duten pertsonentzat iraunkorragoak izango diren ekoizpen ereduetarantz trantsizioak lagundu nahi ditugu. Horretarako definitzen ari garen adierazle sistematik abiatuta.
Nola egingo dugu?
Logistikarako espazio bat prestatzen ari gara dagoeneko, Lazkaoko Arruabarrena fabrikan. Eskualdeko herri guztietara tokiko produktuak iristen lagunduko digun banaketa sistemaren oinarria izango dena. Espazio zentral horretan gainera, asteko erosketa egiteko aukera emango duen denda zabal bat sortuko da. Heziketarako, harremanetarako eta proiektu berriak martxan jartzeko bultzada emango duena. Izan ere, hau komunitatea josten hasteko abiapuntua izango da. Proiektuak ordea, beste asmo eta helburu batzuk ere baditu esku artean, hala nola jangela kolektiboetan eragitea.
Zergatik kooperatiba?
Bizigaia irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala izango da. Alegia, irabazirik balu proiektuaren helburuak lortzeko baliatuko dira horiek. Gainera, egitura juridiko beraren baitan elikadura kateko eragile ezberdinak jarri nahi ditugu harremanetan, horretarako bazkidetza mota ezberdinak egongo direlarik.
Erabiltzaileen komunitate zabal bat sortzea garrantzitsua izango da. Bereziki proiektuaren bideragaritasuna bere komunitatean oinarritu dadin eta ez kanpoko eragileek eman dezaketen laguntzetan. Horretarako bazkide erabiltzaile bakoitzak urtean 50 euroko kuota ordainduko du, trukean zenbait abantaila izango dituelarik kooperatiban. Hala nola, produktuak bere herrian jasotzeko eskubidea, denda zabalean deskontuak edota zenbait produktutan lehentasuna. Bestalde erabiltzaileak zein ekoizleak proiektuaren parte eta jabe izatea giltzarria da proiektuarentzat. Horien parte hartzeak bermatuko baitu etorkizun bizigarriago bat eraikitzea.
Zer egin dezaket nik proiektuan laguntzeko?
Bizigaia Kooperatiba auzolanean ari gara eraikitzen. Elkarlanaren fruitua izango da proiektua bera. Horregatik proiektua laguntzeko, bertako bazkide egitea izango da lehen pausoa. Eta denbora, interes edo gogorik izan ezkero, proiektuak aurrera egin dezan sortutako lan talde ezberdinetan ere parte hartzeko aukera egongo da.